XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GAU HARTAN APENAS LO EGITERIK izan zuen.

Kezka larri batek estutzen zion barrena, sosegu hartzea galeraziz.

Goizaldera, ordea, lo sakon batek harrapatu bide zuen, iratzargailuak jo zuenean, ametsetan eta ez errealitatean entzun uste izan baitzuen haren txirrina.

Jai edo astegun izan, ordu berean jaikitzeko ohitura zuen Jean Luc-ek, eta oso aldi bakanetan hautsi ohi zuen usadio harekiko atxekimendua.

Esnatu zenean, zikin somatu zuen bere soina tabako usaineko maindire artean, eta ahoa lehor.

Kanpotik zein barrutik zikin sentitzeak areagotu egin zion ohetik jaikitzeko premia, eta luze gabe dutxapean aurkitu zen, urjario bortitzaren ziztadekin plazer hartzen zuela.

Jaiegunetako ohiko protokoloari jarraituz, kafea egin zuen eta irratia piztu, doi-doi musika klasikoari eskaintzen zioten larunbateroko saio berezia hastera zihoanean.

Biolinaren doinu leunak eta kafe egin berriaren usainak biharamunaren zama arindu zioten, dutxarekin hasitako piztualdiari jarraipen egokia emanez.

Poliki-poliki gosaldu eta lan egiteko gela edo estudiora iragan zen.

Dibujoko mahai zabalaren aurrean finkaturik, gogoz ekin zion lanari.

Makina berri hartan ilusio handiak ipiniak zituen, eta ez zion ardura asti guztia berari eskaintzeak.